Edukira joan

Dizi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dizi
Deskribapena
Motaopen side-blown flute with fingerholes (en) Itzuli
Hornbostel-Sachs sailkapena421.121.12

Dizi (txinera tradizionalez: 笛子; pinyinez: dízi; Wade–Giles: ti-tzŭ) edo di (txinera tradizionalez: 笛; pinyinez: ti) Txinako zeharkako txirula bat da. Menbranofonoen taldekoa da, mintz bat duelako, beraz tulurtearen edo mirlitoiaren oinarria du.

Musika tresna honek hainbat izen ditu dizi eta di izenez gain, hengdi (橫笛, hêng-ti), qudi (曲笛, ch'ü-ti) eta bangdi (梆笛, pang-ti).

Zeharkako flauta da, normalean banbuzko pieza bakarrarekin egiten dena. Txinako eskualdearen arabera banbu barietate desberdinak erabltzen dira; iparraldean banbu morea, Suzhou eta Hangzhou probintziatan banbu zuria eta hegoaldeko probintziatan koloredun banbu arin bat. Beste egur mota batekoak eta harrizkoak ere badaude, adibidez jadezkoak. Jadea ez da material egokia erresonantzia eskasa duelako,[1] baina bildumagileek oso gustuko dute.

Tonu aldaketarako 6 zulo ditu aurrekaldean eta belarri gisa beste 4 behekaldean. Haizea botatzeko zuloaren eta tonu aldaketarako zuloen artean beste zulo bat du. Azkeneko hau, paperezko mintz batekin estaltzen da eta flauta hotsa aldatzen du, mirlitoi gisa funtzionatuz.[2]

Diziaren dimo itsatsia.

Zeharkako txirulek ez bezala, diziak zulo gehigarri bat du, mo kong (膜孔) izenekoa, ahokadura eta hatz zuloen artean. Dimo (笛膜) izeneko mintz berezia du, mihi gisa erabiltzen dena, eta ejiao izeneko sustantziarekin itsasten dena. Dimoak zimur finak ditu eta horrek tinbre berezia ematen dio soinuari.

Txinatar dizi jotzaileak, XII. mendeko irudia.

Txinako Jiahu eremu neolitikoan arkeologoek zeharkako txirulen antzeko tresnak aurkitu dituzte, 9.000 urtetik gora dituztenak. Garai hartako hezurreko txirulak oraindik jo daitezke eta harrigarria da gaur egungo txirulekin duten antzekotasuna, adibidez zuloen kokapenari dagokionez. Bost eta zortzi zulo artean dituzte, gutxi gorabehera oktaba bateko aldea dutenak.

Dizi kontsidera daitezken lehenengoak K.a. V. mendean aurki daitezke eta banbuzkoak K.a. II. mendean.

Tradizionalki banbu pieza bakarraz egiten den arren behin banbua ebakita ezin zaio tonua aldatu. Horregatik 1920ko hamarkadan Txinatar Orkestrako Zheng Jinwen (鄭覲文, 1872–1935) musikariak banbuzko bi zati labur erabili zituen eta kobrezko lotura bat ezarri bien artean.

1930eko hamarkadan mendebaldeko zeharkako txirularen antzeko bihurtu nahian erabat kromatikoa den dizi bat sortu zen, xindi (新笛) izenekoa, baina zuloak gehitzerakoan mintzaren eragina asko jaisten da.

Musikari ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lu Chunling.

XX. mendean kontserbatorioko hainbat musikari nabarmendu dira. Txinako Iraultza Komunista gertatu zenean diziak prestigio handia hartu zuen musika tresna tradizionala izateagatik eta iraultzaren musikak asko erabili zen.[3]

Honako hauek dira musikari aipagarriak:

  • Feng Zicun (冯子存, 1904–1987)
  • Liu Guanyue (刘管乐, 1918–1990)
  • Lu Chunling (陆春龄, 1921–2018)
  • Zhao Songting (赵松庭, 1924–2001)
  • Yu Xunfa (俞逊发, 1946–2006)
  • Ma Di (馬迪)
  • Tang Junqiao (唐俊乔)

Ron Korb kanadarra mendebaldeko lehen musikaria da dizia modu profesionalean jotzen duena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ «Woodwind Materials» members.iinet.net.au (kontsulta data: 2026-01-05).
  2. ↑ «DI; Zeharkako flauta (mirliton) | Soinuenea Herri Musikaren Txokoa» www.soinuenea.eus (kontsulta data: 2026-01-05).
  3. ↑ Lau, Frederick. (1995). «Individuality and Political Discourse in Solo "Dizi" Compositions» Asian Music 27 (1): 133–152.  doi:10.2307/834499. ISSN 0044-9202. (kontsulta data: 2026-01-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]