Edukira joan

Juan Mari Feliu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Mari Feliu

zinegotzi

1979 - 2019
Bizitza
JaiotzaIruñea, 1942ko maiatzaren 10a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
BizilekuaUharte
HeriotzaIruñea, 2026ko irailaren 4a (84 urte)
Jarduerak
Jarduerakmendigoizalea, idazlea eta espeleologoa
Ideologia eta sinesmenak
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea
Eusko Alkartasuna
Euskal Herria Bildu

Juan Mari Feliu Dord (Iruñea, 1942ko maiatzaren 10a - Iruñea, 2026ko irailaren 4a) nafar mendizale, espeleologo, idazle eta politikari abertzale bat izan zen, Nafarroako mendizaletasun modernoaren aitzindarietako bat. Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeko buru izan zen bi alditan (1985-1989 eta 1998-2001).[1][2]

Nafarroan erbesteratutako katalan-frantsesa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Bergan jaioa zen, eta Esquerra Republicana alderdiko kidea. Feliuren ama, berriz, Savoiakoa zen; haren aita Reusera etorria zen lanera, ehungintza-lantegiko zuzendari. Familia Manresan kokatu zen; han ezagutu zituzten Feliutarrak. 1936ko estatu kolpe saiakeran, Feliuren ama Frantziara itzuli zen familiarekin; aita Manresan gelditu zen, bertako zinegotzia baitzen. Hura ere Frantziara pasatu zenean, ArgelÚsko kontzentrazio esparruan atxilotua izan zen; amaren senide batek, alkatea zenak, atera zuen handik. Familia Mexikora joaten saiatu zen; baina Bordelen enbarkatzen saiatu zirenean, lekua naziek okupatzen hasia zen eta itsasontzia galdu zuten. Andorran errefuxiatu ziren. Frankistek irabazi ostean, Manresako familia burges batzuen babesa jaso zuten, gerran aita elizak, museoak etabar babesten aritu zela argudiatuz; hori dela eta, Espainiara itzultzeko baimena jaso zuen, baina Kataluniatik 200 km baino gutxiagora bizitzeko debekuarekin. Une horretan emaztea, seme zaharrena eta aiton-amonak Donostian zeuden. Haiekin bildu zenean, familiak Iruñean bizitzea aukeratu zuen eta han jaio zen Juan Mari. Batxiler ikasketak egin eta gero lanean hasi zen, 14 urterekin, inprimategi batean.[3]

Mendizalea eta espeleologoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Koldo Amezketa, Juan Mari Feliu (IPV) eta JesĂșs LĂłpez (LET) 1965 urtean, La Vernako etxolan.

Bergako familiarekin kontaktua mantendu zuten. Marcosek bereziki, Juan Mariren anai zaharrenak, haiekin harreman handia izan zuen eta inguruko mendietan (1500-2000 metrokoak) ibiltzen zaletu zen. Harekin hasi zen Juan Mari ere, 13 urte zituela, eta 1954tik aurrera eskaladan ere bai, Pirinioetan eta Club Deportivo Navarraren baitan.[3]

Marcos anaia zenbait espedizio espeleologikotan parte hartutakoa zen, kanpoko laguntza lanetan. Juan Mari ere zeregin horretan hasi zen espeleologian, 1960ko V Euskal Espeleologia Jardunaldietan hain zuzen ere, La Vernako tunela zulatzeko ahalbidetu zuen espedizioan alegia. 1963an, Isaac Santestebanek kanpo laguntza lanetan aritutako hainbat gazteri Vianako Printzea Erakundeko Espeleologia Taldean (GEIPV) sartzeko gonbitea egin zien; talde horretan zeuden Emilio Castiella, Juan Miguel Martínez de Goñi "Miguel Puntos", Jesus Mari Urtasun, Primitivo Garralda eta Juan Mari Feliu bera. GEIPV baitan lurpeko esplorazioan trebatu ziren, lehenik haitzulo txikietan (Azantza, Nabaskoze, Cueva del Moro, Arteta, Cameros, Berrendi, Las Coronas, Erronkari, Zaraitzu...) eta pixkanaka, beteranoen laguntzarekin, esplorazio konplexuagoetan Aralarren, edo Larrako San Marti Harriko Sisteman, non 1960ko hamarkadan, besteak beste, munduko sakonera errekorra gainditu zen eta galeria-sare bati Juan Mari Feliu Konplexua izena eman zitzaion.[3]

1967an, Hego Euskal Herriko Mendi Federazioak espedizio entzutetsu bat antolatu zuen:[4] Andeetara eginiko lehena. Ekimen honek komunikabideetan sona handia lortu zuen, eta dena ondo irten zen, harik eta jakin arte gailurrean ipini zuten ikurrina ez zela Espainiakoa, baizik eta Euskal Herrikoa. Eskandalua itzela izan zen, eta Mendi Federazioko lehendakariak (Pedrotxo Otegi, Urdaburu eta Aranzadi taldeetan espeleologo izandakoa) atxilotua izan zen,[3] eta dimisioa eman behartua. Espediziotik bueltan, ikurrin horrek bide bihurria egin zuen: udan, muga pasatuta, Larrako kanpaina espeleologikora iritsi zen; urte hartan 5,7 Richter gradutako lurrikara izan zen, Ereta herriko zati handi bat suntsitu zuena, eta horren eraginez Feliuk ezin izan zuen bere enlazea topatu; errepideak itxita, oinez eta salbamendu-ibilgailuei autostop eginez ailegatu zen Baxenafarroaraino; handik Lapurdira jo zuen non, azkenik, ikurrina Manuel Irujo euskal diputatu erbesteratuaren eskuetan jarri zuen.[5]

Feliu bi alditan (1985-1989 eta 1998-2001) izan zen Nafarroako Mendizale Federazioko buru, eta 1992-2005 urteen artean Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren zuzendari.[6][1]

Juan Mari Feliu 1998 urtean.

Mendia alde batera utzita, Feliuk parte-hartze aktiboa izan du euskal-nafar politikan eta kulturan. 1965etik, eta klandestinitatean zeuden Eusko Basterra, EGI eta EAJren alderdien kidea izan zen, ardura postuetan: lehenik gazte independentisten taldeen koordinazioan,[3] eta gero Napar Buru Batzarreko kide bezala.[7]

Iruñeko inprimategian aritu zen 1967ra arte; urte horretan jazarpen politikoarengatik lanpostu hau utzi behar izan baitzuen, eta denboraldi batean Gipuzkoan aritu zen errepresentante bezala, betiere arte grafikoen arloan. Artean EAJko kidea zela, Ipar Euskal Herrira erbesteratu eta Hendaiako inprimategi batean hasi zen. 1973 inguruan, Jean Mixel Larzabal lankidearekin, negozio propioa sortzea erabaki zuten; baina proiekturako diru asko behar zen (10 milioi pezeta), eta sozio gehiago sartu ziren, tartean Gorka Agirre[7] eta ETAko militante bizkaitarrak (Felipe Huarteren bahiketan eskuratutako diruarekin): horrela sortu zuten Mugalde liburudenda-inprimategia. Enpresak erasoak izan zituen, eta bonba batek instalazioak erabat suntsitu zizkien; baina bezeroen babes eta finantzazioarekin (besteak beste EAJ, ELA, Banco de Bilbao) aurrera egin zuten, enpresa Donibane Lohizunen birsortuz, Axular izenarekin; 1975ean, hemen ere bonba bat ipini zieten. 1976an, beste errefuxiatu askok bezala, lehenengo amnistiarekin Hegoaldera pasatzeko aukera izan zuen baina, segurtasunez, familia eta etxebizitza Iparraldean mantendu zituen. 1977ko amnistiaren ostean, berriz, EAJen deiari erantzun zion alderdiaren berregituraketa prozesuan parte hartzeko, eta muga definitiboki igaro zuen, enpresa beste eskuetan utziz. Une horretatik aurrera, eta alderdiaren banaketara arte, EAJen lan egin zuen liberatu bezala.[3]

1984an EAJ utzi zuen.[7] EA sortu zenean, alderdi berriaren egituraren zatirik handiena Nafarroan sortu zenez, Feliuk lan berarekin jarraitu zuen. Ordurako mendi federazioen egituretan gero eta sartuago zegoen, Nafarroan, estatuan zein Europan, senderismoa hastapenetan zegoela, eta pixkanaka hori bere aktibitate nagusia bihurtu zen.[3]

Frankismoaren aurkako jarduera politikoan, hainbat aldiz atxilotu, torturatu eta espetxeratua izan zen.[3] Garai horrek eragin sakona izan zuen bere bizitzan eta ondorengo jardunean.

Juan Mari Feliu 1970ko hamarkadan, Arlazeko tontorrean, oharrak idazten.

1963tik jardun zuen alpinismoaren inguruko liburuak idazten, Euskal Pirinioei buruz edo Nafarroako mendi gidak nagusiki. Guztira, 48 liburu idatzi zituen Feliuk.[6][1]

1963tik aurrera, Diario de Navarrako astekari Jueves de Montaña orrialdea hasi zuenetik, mendizaletasunaren zabalkundean lagundu zuen, liburu eta aldizkari ugari argitaratuz. Beste batzuk, hala nola Caminar aldizkaria, non 2004 eta 2010 artean zuzendari izan zen, eta Senderismo y Naturaleza, maila nazionalean.

2010eko hamarkadan eta ondoren, memoria historikoari, Pirinioetako bizimoduari eta bere bizipen pertsonalei buruzko testuak eta hitzaldiak egiten jarraitu zuen, Nafarroako kulturaren eta mendizaletasunaren erreferente gisa mantenduz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 «Juan Mari Feliu» www.rutasnavarra.com (kontsulta data: 2026-03-27).
  2. ↑ Olasagasti, Ramon. (2026-09-05). «Juan Mari Feliu hil da, Nafarroako mendizaletasunean, politikan eta kulturan erreferentziazko izandakoa» Berria (kontsulta data: 2026-09-06).
  3. 1 2 3 4 5 6 7 8 GOROSABEL, Oier. 2016. Juan Mari Feliuri elkarrizketa. Euskal Espeleologoen Elkargoa, Oñati. Argitara gabea.
  4. ↑ (Gaztelaniaz) NOTICIAS, DIARIO DE. (2026-09-04). «Fallece Juan Mari Feliu Dord, un referente del montañismo y del nacionalismo vasco en Navarra» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2026-09-06).
  5. ↑ Gorosabel Larrañaga, Oier. (2025). «Euskal espeleologia errejimen autoritarioetan: Gerra Hotzetik espainiar Trantsiziora» Karaitza (Oñati: Euskal Espeleologoen Elkargoa) 33: 2-13. ISSN 1133-5505..
  6. 1 2 (Gaztelaniaz) Uribe, Iñaki García. (2025-12-07). «Juan Mari Feliu» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2026-03-27).
  7. 1 2 3 (Gaztelaniaz) FALLECE JUAN MARI FELIU REFERENTE DEL MONTAÑISMO Y MILITANTE DEL PNV Y DE EA – El blog de Iñaki Anasagasti. 2026-09-05 (kontsulta data: 2026-09-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]