Edukira joan

Zibele

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zibele
Antzinako Greziako erlijioa, Antzinako Erromako erlijioa, Frigiarren erligioa eta cult of Cybele and Attis (en) Itzuli
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
Ikonografialehoia eta dorrea
BaliokideakRea eta Magna Mater
Domeinuanatura
Familia
Ezkontidea(k)Atis
Bikotekidea(k)Sangarius (en) Itzuli eta Atis
Seme-alabakNicaea (en) Itzuli, Corybas (en) Itzuli, Alce (en) Itzuli eta Midas

Zibele[1] (latinez, Cibele[oh 1] eta antzinako grezieraz: Κυβέλη, Kybele) Asia Txikiko ama-jainkosa handia da, Frigiakoa jatorriz[2], baina Grezian eta Erroman izan zuen gurtzagatik eta berari buruz idatzi ziren mitoei esker ezagutzen dugu batez ere[3]. Izadiaren ugal indarraren jainkosa zen, eta Erromatar inperio osoan gurtu zuten ere; inperioaren mendebaldean, Ama Handia (Mater Magna) eta Jainko-jainkosen Ama (Mater Deum) izenez gurtu zuten[4]. Greziarrek Rearekin berdindu zuten[5], eta Erromako Senatuak K.a. 204an ofizial egin zuen haren gurtza. I. - III. mendeetan Zibeleren gurtza, errituetan egiten ziren orgiak zirela eta, oso ezaguna izan zen.

Philippe Borgeau helenista eta erlijioen historian adituarentzat, Zibeleren kondairak “erromatar, greziar eta anatoliar tradizioen nahasketa bereizezina” dira[2].

Erromatar garaian Mater Magna izen edo titulua ere eman zitzaion.[6]

Zibeleren brontzezko irudia.

Natura lantzeko boterea zuen. Tenplu asko izan zituen Asia Txiki osoan baina Anatolia erdian zegoen Pesinuntekoa izan zen famatuena. Bestalde, kostatik oso gertu dagoen Ida mendiko eskualdean eta kostaldeko hirietan, Esmirna eta Cicico besteak beste, gurtza leku garrantzitsuak izan zituen. Gutxienez K.a. VI. mendetik ezaguna zen Grezian (Beozia, Olinpia, Atika, eta kolonizazioaren ondorioz, baita Massalian (egungo Marseilla) eta Mendebaldeko beste puntu batzuetan, baina bertan helenizatua izan zen eta beste jainkosa batzuekin parekatua, Demeter batez ere. Zailago eta motelago sartu zen, bere paredro (bikotekide) Atisen gurtza, itsas portuetako ingurune kosmopolitetan ezaguna zen, baina pixkanaka hori ere zabaldu zen, eta garai helenistikoan, Atenasen portua zen Pireon, bere eskultura bat zuen Agditis jainko eta jainkosa androginoaren ondoan; Agditis Zibelerekin lotura handia zuen. Garai hartan, Frigiako Misterioak errotuta zeuden Grezian eta bikote jainkotiarrekiko jaia zabalduta Greziako hiri askotan, beti ere, greziar osagai askorekin kutsatuta.

K.a. II. mendean, Greziako Eumolpio Timoteo apaizak eta Hermesianax poetak hainbat testu idatzi zituzten Agditis eta Attisen mitoaren inguruan, eta bertan Zibelek bigarren mailako rola du. Hainbat bertsio egon ziren Grezian, baina zabalduenean, Attisen ama zen Nana, Sakarya ibaiko ninfa; eta aita, Agditis. Agditis semearekin maitemindu zen, eta horren ondorioz Atisek bere burua zikiratu zuen eta hil zen. Agditisek lortu zuen gorpua usteldu gabe mantentzea. Beste bertsio batzuetan, Agditisen ordez, Zibele bera da maitemintzen dena Attisekin eta kondaira eta mito bikoitza, Attis eta Zibelerena, asko garatiu zen[3].

Zibeleren apaizak (galli) zikiratuta zeuden, eta emagizonak ziren[7].

Erroman, Zibeleren mitoak eta haren kultuak indar handia hartu zuten, batez ere K.a. III. mendearen amaieran, K.a. 204. urtean K.a. «Harri beltza», jainkosaren irudikapena, Pesinuntetik ekarri eta Garaipenaren tenpluan, Palatinon, jarri zutenean. Harrezkero, erromatarren artean gurtza areagotu egin zen[8].

Jaime Alvarrek, espainiar aditu ezagunak, ohartarazten digu Zibeleren izena Erromatar inperioen mendebaldean, (Greziar eragin txikiagoko lurraldeetan, alegia) Mater Magna eta Mater Deum dela, bere jatorrizko izena ez baita inoiz erromatar idazkunetan agertzen, salbu eta Portugalgo Egitaniako (egungo Idanha-a-Velha herrian) inskripzio batean, "Deae Magnae Cybele" izena ematen zaiona, eta hala ere, kontuan hartu behar da zalantzakoa da idazkun hori benetakoa ote den.[4]

  1. ↑ Latinez C euskarazko K moduan ahoskatzen zuten - [k] idazten dena egungo idazkera fonetikoan; Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan adibdiez-, beraz, Kibele ahoskatzen zuten. Ikus: Latin language (Lingua Latina), Omniglot

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Euskaltzaindia. 82. araua. Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak. .
  2. 1 2 (Ingelesez) «Review of: Mother of the Gods: from Cybele to the Virgin Mary» Bryn Mawr Classical Review ISSN 1055-7660. (kontsulta data: 2023-03-13).
  3. 1 2 (Ingelesez) «The Tragic Love Story of Cybele and Attis» ThoughtCo (kontsulta data: 2023-03-13).
  4. 1 2 (Gaztelaniaz) Alvar, Jaime. Los cultos de Mater Magna y Atis en Hispania. Editorial DYKINSON, S.L.; Presses universitaires de Franche-Comté, 24 or. ISBN 978-84-1122-885-5..
  5. ↑ «CYBELE (Kybele) - Phrygian Goddess, Mother of the Gods» www.theoi.com (kontsulta data: 2023-03-13).
  6. ↑ (Gaztelaniaz) «Cibeles o Magna Mater - Colección - Museo Nacional del Prado» www.museodelprado.es (kontsulta data: 2025-05-31).
  7. ↑ (Gaztelaniaz) Madrid1962. (2018-03-09). «Magna Mater, culto a Cibeles y Atis en la antigua Roma» Domus Roamna (kontsulta data: 2023-03-13).
  8. ↑ (Gaztelaniaz) Talavera Esteso, Francisco J,. (2004). «La figura de Cibeles en la mitografía latina: de Varrón a Isidoro de Sevilla» Revista de Estudios Latinos (RELat) 4: 125-151. ISSN 1578-7486..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]