Zitalopram
Zitaloprama konposatu organikoa da, C20H21FN2O formula duena. Konposatu organofluoratua eta nitriloa da. Solido zuria da. Uretan disolbagaitza da, baina disolbagarria etanoletan. Narritagarria da[1].
Zitaloprama kirala da, estereozentro bat du. Ondorioz, bi estereoisomero daude, (S) forma eta (R) forma. Errazematoa [(S)-formaren eta (R)-formaren 1:1 nahastea] zein eszitalopram enantiomeroa [(S)-forma] erabiltzen dira sendagai gisa. Bi enantiomeroen efektu farmakologikoak ikertu dira eta eszitalopramaren erantzuna errazematoarena baino azkarrago dela behatu da[2].

Zitaloprama serotoninaren birkaptazioaren inhibitzaile selektiboa eta ezaugarri hori medio botika gisa usatzen da depresio-nahasmendu larria, nahasmendu obsesibo konpultsiboa, izu-nahasmendua eta fobia soziala tratatzeko. Espainian eta Frantzian botika generiko gisa merkaturatzen da. Ahoz hartzen da pilula moduan[3][4].
Munduko Osasun Erakundearen funtsezko sendagaien zerrendan dago[5].
Sintesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zitaloprama lau urratseko sintesi baten bidez sintetiza daiteke. Lehen urratsean, 5-bromoftalida 4-fluorofenilmagnesio bromuroarekin erreakzionarazten da bentzofenona bitarteko bat osatzeko. Litio aluminio hidruroarekin erredukzioa egin eta ondorengo eraztuna itxi ondoren, bentzofurano tarteko bat lortzen da. Hirugarren urratsak bromo-atomoa ordezkapen nukleozale baten bidez ziano talde batez ordezkatzea dakar, kobre(I) zianuroa erreaktibo gisa erabiliz. Ondoren, helburu-konposatua 3-dimetilaminopropil kloruroarekin erreakzionatuz lortzen da, sodio hidruroaren eta dimetil sulfoxidoaren presentzian[6].
Albo-ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Albo-ondorio arruntak hauek dira: goragalea, lo egiteko arazoak, disfuntzio sexuala, nekea eta izerdia. Albo-ondorio larrien artean, 25 urtetik beherakoek beren buruaz beste egiteko arrisku handiagoa, Sindrome serotoninergikoa eta eta glaukoma daude[7].
Kontraindikazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zitaloprama ez dute hartu behar berriki monoamino oxidasaren inhibitzaileak hartu dituztenak. Kezka dago ea ez ote dion kalerik egiten emakume haurdunen fetuari[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) PubChem. «Citalopram» pubchem.ncbi.nlm.nih.gov (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ Montgomery, S. A.. (2001). Escitalopram (S-enantiomer of citalopram): clinical efficacy and onset of action predicted from a rat model. Pharmacol. Toxicol., 2001, 88, S., 282–286 or..
- ↑ «★ CITALOPRAM ALMUS 20 mg Comp. recub. con película - FICHA TÉCNICA 🥇» www.vademecum.es (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ (Frantsesez) «CITALOPRAM ALMUS 20 mg cp pellic séc supprimé - VIDAL» VIDAL (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ (Ingelesez) Organization, World Health. (2023). The selection and use of essential medicines 2023: web annex A: World Health Organization model list of essential medicines: 23rd list (2023). (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ Kleemann, Axel, ed. (2001). N-Z and indexes (A-Z). (4. ed. argitaraldia) Thieme ISBN 978-1-58890-031-9. (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «Citalopram Monograph for Professionals» Drugs.com (kontsulta data: 2025-05-05).
- ↑ (Ingelesez) «Citalopram (Celexa) Use During Pregnancy» Drugs.com (kontsulta data: 2025-05-05).