Goodluck Jonathan
Goodluck Ebele Azikiwe Jonathan (Ogbia, 1957ko azaroaren 20a) nigeriar politikaria da, Herriaren Alderdi Demokratikoaren (PDP) kidea. 2010-2015 bitartean, Nigeriako Errepublikako presidentea izan zen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goodluck Jonathan Nigerren delta eskualdeko Ogbia hirian jaio zen, 1957ko azaroaren 20an. Zoologiako eta hidrobiologiako ikasketak egin zituen, eta zoologiako doktoretza eskuratu zuen Port Harcourteko Unibertsitatean. 2005eko abenduaren 9tik 2007ko maiatzaren 28ra Bayelsa estatuko gobernadorea izan zen.
2007ko maiatzaren 29an, Umaru Yar'Adua presidenteak Nigeriako presidenteorde izendatu zuen. 2010eko otsailaren 9an behin behineko presidente izendatu zuten, Yar'Adua Saudi Arabiako eritegi batean ospitaleraturik zegoelako. Azken hori 2010eko maiatzaren 5ean hil zen eta Jonathanek ordezkatu zuen.[2]
2011ko apirilaren 16ko hauteskundeak irabazi zituen, botoen %59rekin. Muhammadu Buhari oposizioko buruak iruzurra salatu bazuen ere, nazioarteko ikuskatzaileen arabera aspaldiko "garbienak" izan ziren.[3]
Agintaldian ez zituen hauteskunde aurreko promesak bete: ustelkeriaren aurkako neurri nabarmenik ez zuen hartu —are gehiago, eskandalu ugarik zipriztindu zuten PDP—, eta Nigerren deltako gatazkak bere hartan iraun zuen. Gainera, beste mehatxu larri bati aurre egin behar izan zion: Boko Haram indartsu egin zen ipar-ekialdean.[4]
Horiek horrela, oposizioko hiru alderdi —ACN, ANPP eta CPC— batu egin ziren PDP boteretik kentzeko.[4] 2015eko martxoko hauteskundeetan, Muhammadu Buhari, oposizioko koalizioaren hautagaia, nagusitu zen.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Makazaga, Xabin. Iraultza demokratiko bat eragin du Nigerian Buhariren garaipenak. Berria, 2015eko apirilak 1 , berria.eus (kontsulta data: 2026-7-24).
- ↑ Nigeriako presidentea hil da, bihotzeko arazoengatik. Berria, 2010eko maiatzak 6, berria.eus (kontsulta data: 2026-7-24).
- ↑ Bozen osteko liskarretan ehundik gora lagun hil dira Nigerian. Berria, 2011ko apirilak 21, berria.eus (kontsulta data: 2026-7-24).
- 1 2 Garcia, Adrian. Aldaketa hotsak Nigeria zatituan. Berria, 2015eko martxoak 28, berria.eus (kontsulta data: 2026-7-24).